Historia

Leioako Ostalaritza Eskola 1981ean sortu zen Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismo Sailak ostalaritza-sektorearen hazkundeari buruz egindako azterketa baten ondorioz. Plentzian jarri zen abian, 1981-1982 ikasturtean, II. mailako Lanbide Heziketa irakatsiz, Ostalaritza eta Turismoko adarrean, Ostalaritza espezialitatean.

Lanbide Heziketaren filosofiak berak gomendatzen zuen egiazko praktika sukaldaritzaren gisako jarduera bat irakasteko modu bakar gisa, eta horregatik proposatu zen Unibertsitateko Campusa eskola behin betiko kokatzeko 1983an. Egoera horrek, gainera, abantaila bat eskaintzen zuen: garai hartan ikasketa hauen eskaintza handiari erantzuna emateko aukera.

Bi jantokitan arreta eskainiz hasi zen: menukoan, jada campusa zegoenean, eta jatetxe berri batean. Ondoren, beste jantoki bat ireki zen, buffet esaten dioguna, hain zuzen.

EHUra eraman izana oso garrantzitsua eta erabakigarria izan zen ikastegiaren izaerari eta pertsonalitateari dagokienez, gero eskolaren bilakaera markatu duten abantailak ekarri baitzituen. Honako hauek dira abantailak:

· Irakaskuntzaren hazkunde kualitatiboa.
· Bitartekoen hobekuntza: instalazioak eta generoak.
· Ikaslearen erreferentzia erreala: bezeroak.
· Hainbat fakultaterekin lankidetza interes amankomuneko atazetan.
· Gure ikasleen harremana unibertsitate-giroarekin.
· Ikasle-kopuru handi batentzako lekua. Euskadiko ostalaritza-eskola handiena zen.

1997-1998 ikasturtean, LOGSEren aplikazioan, hezkuntza-eskaintza aldatu zen, eta uneko eredura pasatu zen. Egoera berri horretara egokitzeko, Urdaitegiko eta Pastelgintza/Okintzako tailer berriak sortu ziren, eta baita kafetegi-zerbitzu berri bat ere.

EHUrekin eta Hezkuntza Sailarekin negoziazio luzeak izan ondoren, eraikin berri bat lortu genuen Eskolarentzat EHUren campusean.
2003-2004 ikasturtea eraikin berri horretan hasi zen, eta horixe da gaur egungo kokapena ere. Aldaketa handia izan zen azpiegiturei eta gelen, tailerren eta jantokien ekipamenduari dagokienez, alde horretatik abangoardian baikaude ez bakarrik ostalaritzako irakaskuntzari dagokionez, baita jatetxe-enpresei dagokienez ere.

SORRERATIK GAUR ARTE.

1981. Ostalaritza Eskola Plentzian sortzen da.

1983. Eskola Leioako Unibertsitate campusera doa

2003. Eraikin berria dugu campusean